Selecciona una palabra y presiona la tecla d para obtener su definición.
Indice
Abajo

Eliza, euskal abertzaletasuna eta Ameriketarako erbesteratzea. Ikuspegi orokor bat (1898-1940)

Óscar Álvarez Gila






ArribaAbajo0.- Eliza Katolikoa Euskal Herrian

Eliza Katolikoak Euskal Herriko bizitzaren atal guztietan izan duen garrantzia aipatzeko beharrik ez dago. Izan ere oraintsu arte, bai Espainiako esparruan eta baita Frantziakoan ere, Euskal Herria beti nabarmendu da bere katolikotasunaren indarra dela eta. Oraindik ere, estatu espainiarraren barnean, bokazio erlijioso gehien eman duen eskualdea Nafarroa dugu1; eta urtean zehar Elizak antolatzen dituen diru-bilketetan (misioen eguna, apaizgaientzako eguna, Karitas-eko eguna etab). Nafarroa gaurdaino lehen postuan mantendu da.

Elizaren presentzia honen garrantzia, beraz, erraz islada daiteke Euskal Herriko bizitza historikoaren atal guztietan; eta, gure ikerketa mugatzen duten azken bi mendetoan, batez ere bi ezaugarri edo adierazpide nagusitan ikus dezakegu:

1.- Alde batetik, Euskal Herriak eman duen bokazio-kopuru zabal-zabalean. Nafarroari (eta berriro ere Nafarroa aipatu behar, Euskal Herrian gai honetan beti aitzindaritzari atxekirik egon delako) noizean behin Elizaren bihitegia izena eman zaio. Datuei begiratu baino ez da beste ezer egin behar. Adibidez, 1961-ean Espainiatik kanpo bizi ziren erlijioso estatu-espainiarrak zenbatu zituen errolda baten arabera, probintziaz probintziako ranking-ean, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak lehendabiziko zortzien artean aurkitzen ditugu (ik. 1. laukia).

PostuaProbintziaKopurua
1.aNAFARROA3 775
2.aBurgos2 253
3.a GIPUZKOA1 707
5.aBIZKAIA1 334
8.aARABA905

1. Laukia: 1961-I-1ean Espainiatik kanpo destinaturik zeuden erlijioso eta apaizak2.

2.- Bestetik, historia garaikidean Euskal Herriko bilakaera politikoan erlijioaren auziak eta elizgizonek hartu duten partea kontutan hartu behar dugu. García de Cortazarrek dioenez, «apaizak sakristiara» lemapeko liberalen nahia, Euskal Herrian inon baino gutxiago bete zen, esamolde hutsa bihurturik geratuz3. Eliza gizartean leku publiko eta maila goreneko baten bila ibili zen etengabe, eta baita lortu ere. Elizak, benetako boterea zuen euskal gizartean; eta ez zen botere hau eragin ideologiko soilean geratu. Are gehiago: botere zibilarekiko harreman eta lotura hain estuak zituen, Euskal Herriko gizartearen gidaritzan Elizaren esanetatik urruntzerik ez zegoela. Berriro ere García de Cortazarren hitzak hartuz, «Aro Garaikideko euskal Elizari leku guztietatik politika dario. Politika onartua zein ez onartua, baina beti politika»4.




ArribaAbajo1.- Eliza Katolikoa eta politika Euskal Herrian

Horrexegatik, beraz, euskal gizarteak bizi dituen mugimendu eta aldaketa politiko guztiek eragin bikoitza sortarazi dute Hego Euskal Herriko Elizan.

-Alde batetik Elizaren barnean ere mugimendu eta aldaketa hauek ia automatikoki isladatu dira, Eliza ez baita mundutik aparte kokaturik dagoen izaki perfektu bat, sustraiak lurrean erroturik baititu: munduan antzezten baitu bere papera, eta munduan hornitzen baita behar duen pertsonalez.

-Eta bestetik, auzi politiko guztietan, lehendabiziko karlistadatik Franco-ren garaietaraino, Eliza bera auzigaietako bat izan da. Onerako ala txarrerako, kontra ala alde, plazaratzen zenean, edozein ideologiak Elizarekiko eta Elizaren nagusigo politiko eta sozialarekiko bere jarrera azaltzen zuen, salbuespenik gabe.

Arazo politikoen aurrean euskal apaizgoaren barnetik aterako zen erantzuna ere bikoitza izango zen. Elizaren abotsa ez zen bakarra ezta batua ere izango. Asko laburbilduz eta bakunduz, etenduraren bi aldeetan, aurrez aurre, apaizgo xumea eta hierarkiak zeudela esan daiteke. Etendura hau bi mendeetan zehar nabari dezakegu; XIX.ean ahulduagorik edo ezkutuagorik, begi bistan XX.ean.

Gainera, abots edo eritzi desberdin horien artean, gehiengoak (edo, behintzat, gutxiengo ez hain txiki batek) indarrean zegoen botere politikoarenak ez ziren aburuak defendatu dituela azpimarratzekoa da. XIX mendean, liberalismoaren aurka (karlismoa, eta oro har tradizionalismoa); XX. mendean, euskal abertzaletasunaren alde5.

Guzti hau dela eta, apaizgo honek (bereziki oinarrizko euskal apaizgoak), eritzia hauek defendatzearengatik erasoak jasango ditu.

1.- XIX. mendeak erasook botere politikotik etorriko zitzaizkien. Elizaren barnean, behintzat oinarrizko eritziaren esparruan, nolabaiteko batasuna ba omen zegoen, nahiz eta praktikan goiko hierarkiek botere politikoarekin harreman on eta zibilizatuak mantentzeko taktika erabiltzen zuten.

Esaterako, gerrate karlistetan apaiz xume asko6 buruz belarri sartu ziren karlismoaren alde, Fidel de Sagarminagak salatzen zuen bezala7. Hierarkiek, aldiz, bestelako jokaera hartu zuten, haien menpeko apaizak bezain karlistak baziren ere. Bai apaizgo sekularrean baita erregularrean ere, goiko karguengan zuhurtasuna beste portaera guztien gainetik nagusitu zen8. «Egitan, apezpikuek haien apaizgoak beste higuindura sentitzen zuten liberalismoaren hastapenen aurrean, baina mitra edukitzearekin konpontzaletasuna eta paktuetarako joera pizten zitzaizkien»9.

2.- XX. mendean, haatik, erdi-batasun hau apurtu egiten da. Oso goizetik, plazaratzen diren unetik bertatik, Sabino Aranaren teoriek eta planteamendu politikoek erantzun gero eta indartsuagoa jasoko zuten euskal apaizgoaren sektore zabaletan.

Belaunaldien arteko aldaketa batean, apaiz eta apaizgai gazteak ditugu, batez ere, euskal abertzaletasun jaioberriari atxekitzen diotenak. Hor dugu, besteak beste, Evangelista de Ibero10 kaputxino nafarraren garrantzia euskal abertzaletasunaren lehendabiziko une haietan: eredu eliztarrei jarraituz, abertzaletasunaren benetako katixima edo dotrina bat idatziko du (Ami Vasco, euskarazko itzulpenean Euzko Ami), ideologia politiko honen herri-zabalkundean erabiltzeko.

Askotan, elizgizonen portaera hau azaltzeko nahiean, zio erlijiosoak baino ez dira aipatzen, apaizek soilik abertzaletasun aranatarraren osagarri ultrakatolikoari begiratzen ziotela suposatuz. Egia da, bai, Aranaren ideologian katolikotasuna euskaltasunaren ezinbesteko zatia dela (gu Euzkadirentzat, eta Euzkadi Jaungoikoarentzat), baina horrekin batera zenbait atal «irenskaitz» bazuen, Estatuko agintariekin aliantza hurbilean zeuden Eliza espainiarreko zuzendarientzat. Abertzaletasunak Estatuaren oinarri lejitimatzailea (herri espainiarraren batasuna) kolokan jartzen zuen, euskal naziotasuna aldarrikatzen zuelako.

Guzti hau dela eta, erasoak handik aurrera agintari eklesiastikoek beraiek gidatuko dituzte, botere politikoarekin erabateko adostasunean eta lotura zuzenenan. Batez ere, hierarkien jokaera hau apaizgo sekularraren kasuan ondo ikusten da. Izan ere, oso gutxi izan baitziren, urte haietan, Iruñeko zein Gasteizko gotzaitegietatik pasatu ziren apezpiku euskaldunak11; horrez gain, Espainiak eta Batikanok sinaturiko Konkordatoaren arabera, apezpikuak gobernuak aurkezten zituen. Eliza administraritza publikoaren beste atal bat balitz bezala; apezpikuek, erlijioaren gaietaz arduratzeaz gain, sistema politikoaren egonkortasuna eta aberri espainiarraren batasuna defendatzeko ardura hartua zuten beren gain. Hortan inskribatzen dira, adibidez, 1913an Madril-go nuntzio apostolikoak Euskal Herriko eta Kataluniako agintari eliztarrei bidali zien agindua, Gasteizko Boletín Diocesano-k hartu zuena:

Arreta osoz jagon zenbait erlijioso euskaldunen bizkaitarrismoa. Hauek, haien jarrera separatista dela eta, Ordenaren izpiritua galtzeaz gain, Gobernuaren eta Nazioaren gorrotoa bereganatzen dute. Katalanismoa ere jagon behar da, nahiz eta azken honek ez da bestea bezain zuhurgabea eta ez-moderatua12.



Holako gomendioak ere, apaizgo erregularrean zehar zabaldu eta noizean behin praktikan jartzen ziren, aldi bakoitzean zegokion ordenaren agintariek burututako garbiketetan; adibidez, Evangelista de Iberori gertatu zitzaiona, edo gero ikusiko dugun kaputxino abertzaleen aurkako erasoaldia, 1915ean.




ArribaAbajo2.- Amerika: uneoroko babeslekua

Guzti hau dela eta, eta hasiera-hasieratik, abertzaletasunaren hatzaparretan eroriko zenbait apaiz euskaldunek atzerrirako bidea hartuko dute, haien ideia politikoengatik ihes eginik.


2. a. Atzetik zetorren joera

Euskal apaizgoaren oroimen kolektiboarentzat, Amerika babeslekutzat hartzeko joera ia-ia ohitura bat bihurturik zegoen, XX. mendeko lehendabiziko urte haietan. Eta ideia hau ez zegoen apaizengan bakarrik barreriaturik13. XIX. mendean zehar, Eliza eta Estatuaren arteko arazo politikoak zirela medio, elizgizon askok eta askok atzerriratzea nahiago izan zuten, zuhurtasunak, beldurrak ala beharrak bultzatuta.

Batez ere bi gerrate karlisten ostean benetako erbesteratze masiboak bizi zituen Hego Euskal Herriko Elizak. Bi gerrateotan, apaizgoaren sektore handiek karlistekiko adostasuna nabarmenkiegi erakutsi zuten14; behin gerra galduz gero, hauetariko nahikok ospa egitea erabakiko zuten.

1840an, gainera, Espainian apaizgo erregularraren exklaustratzeko agindua ezartzen du gobernuak; bere bizitza erlijiosoari eutsi nahi zionak ere, bide berberera jo behar zuen. 1842 eta 1843ean, Espainiatik kanpo dagoen pertsonal hau aprobetxatuz, Hegoamerikako zenbait lekutan, ordurako erdi hilik zeuden misio katolikoak berpizten hasten dira: Venezuelan15, Perun16, Ekuadorren, Bolivian eta Txilen, batik-bat.

Zaila da esaten zenbat euskal apaiz sartu ziren korronte honetan; errazagoa dugu, aldiz, bigarren gerratearen osteko erbesteratzea zenbatzea. Hasteko, aurrekoa baino askoz kopurutsuagoa zen17; gainera, kualitatiboki, desberdintasunak ere baziren. Oraingo honetan, Ameriketarako euskal emigrazioaren ohizko kanaletatik abiatuz, apaizgo sekular asko ere atzerriratu ziren, batez ere Argentina eta Uruguayrantz. XIX. mendeko azken hamarkadetan, Uruguay, Buenos Aires eta Entre Ríos-eko herri eta herrixka askotan, euskal apaiz karlistaren figura nahiko ezaguna izango da:

La campana, rajada, con voz de vieja llamaba a misa. // Adentro, el cura, un vizcaíno carlista cuadrado de cuerpo y de cabeza, hombre de pelo en pecho y cuchillo en la liga, se disponía a oficiar pomposamente en el altar, objeto de la fiesta18.






2.b. 1899-1910: abertzaleen lehen erbesteratzeak

Aitzindaritza honek urratutako bideak irekirik zeuzkatenez gero, abertzaletasunaren hastapenekin ados agertu ziren lehen apaizek lehendabiziko unetik hartu zituzten, politika dela medio haien nagusi hierarkikoekin arazorik pizten bazitzaien.

XIX. mendea bukatzear zegoela, Gasteizko apaizgaitegian ideologia abertzaleko ikasleak agertzen hasten dira. Hasieran oso gutxi direla susmatzen dugu, zenbatzerik ez badaukagu ere. 1900ko abuztuan lehen kasua agertzen zaigu. Prokuradore baten bitartez, Bizkaiko Etxebarria herriko akolito gazte batek, Montevideo-ko artzapezpikuaren onespena eskatzen du, Uruguayen apaizgai-ikasketak bukatu eta bertan apaiz ordenatu ahal izateko19.

Bere izena Frantzisko Altzibar-Aritxuluaga da, baina Euskal Herrian bere goitizenaz ezagunagoa da: «Markiñako Extudiantie», pelotari bikaina, «inoiz izan dan pelotari aundienetarikoa»20. Zenbait iturrietan, Montevideo-ratzeko zioak azaltzerakoan, Altzibarren pilotazaletasuna aipatzen da. «Aldi labur bat baño geiago ez eban egin pelotaritzan, ze bere Gotzain Jaunak (Obispuak) eragotzi eutson bizipide pelotariekin agirian jokatzia»21. Baina esamolde honen azpian zerbait gehiago bazegoela pentsatzeko nahiko arrazoi badugu. Izan ere, apaiz izan eta berehala, Argentinako Rosario hirira zuzenduko ditu bere pausuak, bertan senideak ba omen zituelako; eta laister beste euskaldun abertzale batzuekin (apaizekin zein laikoekin) elkartuko da, 1912 urtean Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxea sortzeko: Argentina osoan abertzaleak fundatu zuten lehenengo euskal etxea22. 1955ean Rosarion hil zen arte, ezagutu zutenen hitzetan, «euskotar eta euskaldun zintzoa»23, eta batez ere «abertzale miragarria»24 izan zen.

Altzibarrena, hala ere, ez zen kasu bakarra izan. Mendearen lehen hamarkada horretan, pixkanaka-pixkanaka, beste apaizgai eta apaiz batzuek jarraituko diote. Dakizkigun gehienak, Gasteizko diozesikoak ziren; Nafarroako apezpikutegian arazoa oraindik ez zen piztu. Argentina eta Uruguayko hiri eta herrietan barreiatzen dira apaiz atzerriratu hauek. Besteak beste, hor dugu Nikasio Kortabarria Idiazabal25 oñatiarra (1906an Buenos Aires-eko Laurak Bat euskal etxearen egoitzan zegoen Gernikako arbolaren kimua bedeinkatu zuena), eta batez ere Frantzisko Azpiri Mendiguren mendexatarra, agian Argentinako euskal koloniak mende hasiera honetan ezagutu zuen abertzalerik sutsuen eta eraginkorrena.

Azken apaiz hau gertuagotik ikustea benetan merezi du. Apaiz ordenatu eta hiru urtetara, 1900eko uztailaren 23an, Gasteizko apezpikuak Buenos Aires-era joateko baimena ematen dio26. Laster asko, Buenos Aires-etik Argentinako Santa Fe-ko diozesira helduko da, handik gutxira bertoko apaizgaitegiaren zuzendaria izendatua izango zelarik. Aurrekoengan susmoa baino ez zena, Azpirirengan ziurtasuna da: benetako exiliatu bat dugu. Américo A. Tonda-k (Azpiri gertutik ezagutu zuen) Santa Fe-ko apaizgaitegiaren historia idazterakoan, horrela baieztatzen digu: «sus ideas nacionalistas le habían puesto en la trocha que conduce al exilio»27.

Denborarik ere ez du galtzen Argentinako euskal kolektibitatearekin harremanetan hasteko. Buenos Aires-en argitaratzen zen La Baskonia euskal hamartekariaren zuzendariarekin adiskidetasuna piztu28 eta, hil arte Azpirik noizean behin artikulu eta artikuluxkak publikatuko zituen aldizkari honetan29. Urte haietan, La Baskoniaren espainoltasun politikoak oraindik euskal abertzaleen partaidetza onartzen eta estimatzen zuen. Azpiriren artikuluek eta hitzek ez dute inoiz ezkutatuko apaiz honen ideologia erabat sabindarra. Esaterako, 1908 urtean, beste apaiz euskaldun, abertzale eta adiskide bat Europara zihoala jakinik, abertzaletasunez beteriko gutuntxo bat bidaliko dio eta, aldi berean, La Baskonian argitaraturik agertzea ere lortuko du:

Euskal errira ibiltalde bat egiteko asmoa dezula diraustazu, eta ezerchu arako etedaukadan iteneustazu. ¡Au garai ona ango euskeldun epelai gure abertzale zintzoa azalduteko eta Aberri maite, neke eta nai gabez beteari, laztan gozo bat emateko!

Biotzeko zañetan, maitetasunezko tolos tartean daukat usain gozoko lora eder bat gorderik, zein guradoten nik Aberriari eskeini. Ara emen lora eder ori: ¡Gora Euzkadi!

Eramaizu neure biotzeko Ama laztan-laztanari.

Agur.
Azpiri'tar Pachi30.



Azpirik, horrez gain, Argentinako Elizaren barruko hierarkian gora ere hasiko da berehala. Santa Fe-ko apaizgaitegiaren zuzendaritzatik, 1911an Corrientes hirira pasatuko da: bertoko apezpiku berriak, Niella abizenekoak, bere bikario nagusia izendatzen baitu31. Bide batez, aldizkari katoliko baten erredakzio buru jartzen du. Bitartean, ez ditu bere kontaktuak galduko euskaldunekin, batez ere Rosario hirian indartsu osatu den euskal apaiz eta abertzaleetako talde eraginkorrarekin, hango Zazpirak Bat euskal etxearen inguruan bildu direnak.

1920ko abuztuan, Frantzisko Azpiri Europarako untzia hartzen du. Hasteko, Erromara doa, Corrientes-eko apezpikuaren izenean visita ad limina delakoa burutzeko. Untziratzean, bere ideologia ageri-agerian uzten duen gertaera baten protagonista bilakatzen da: nazionalitatea eskatzen diotenean, euskalduna dela dio: «Vasco». «¿Vasco-francés?», «Vasco» erantzuten du. «¿Vasco-español, acaso?», eta berriro Azpirik: «¡Vasco!». «¿Pero, vasco qué?», itaunduko dio azkenean aduanetako funtzionarioak. «Ponga vasco-chino», izango da hirugarren eta azken erantzuna, eta hala geratu omen zen dokumentazioan idatzirik32.

Italiatik, itzulian, Euskal Herriratzen da, senideak bisitatzera eta, bide batez, bere abertzaletasunaren iturrietan edatera. Mendexatik Sukarrietara hurbilduko da, Sabino Aranaren hilobiaren gainean otoitz egitera. Artikulu luze bat prestatzen du La Baskoniarentzat, argazkiak eta lortu ditu, eta postaz bidaltzen du. Artikulu hau bai, baina bera ez da Argentinara helduko, Amerikara eramaten zuen untzia 1921ko urtarrilean Galiziako kostaldearen aurrean hondoratu baitzen33.

Frantzisko Azpiriren lagun minen artean, lehenago aipatu dugun beste apaiz euskaldun eta abertzalea nabarmendu behar dugu. Andres A. Olaizola Etxebarria, Azkoitian 1877an jaiotakoa, oraindik apaizgai gaztea zelarik (Gasteizen filosofiako hiru ikasturteak baino ez zituen bukatuta) Argentinarantz emigratu zen. Santa Fe probintziaren hiriburuko apaizgaitegian, Andresek ikasketak amaitu eta apaiz ordenatu zen, 1900 urtean.

Altzibarrekin gertatzen den bezala, ez daukagu ziurtasun osoa, Olaizola erbesteratu politikoen artean sartu ahal izateko. Hala ere, haren abertzaletasuna ezin daiteke zalantzan jarri, bere bizitza guztian zehar, haren ideiak erakusteko anitz parada izan baitzuen34: «alma patriótica que se entregaba por entero y sin reservas a la labor de difusión de ideales (hots, euskal abertzaletasuna) cuya incomprensión podían levantar muchas resistencias y no pocos sinsabores»35.

Oso gazte, Santa Fe-ko apezpikuak bere idazkari pribatua izateko aukeratzen du Andres Olaizola. Urte luzetan konfidantza handiko kargu hau beteko du, aurrerantzean gorantz egingo duen karrera baten hasiera. Rosarion 1912 urtean Zazpirak Bat euskal etxe jaioberria Iñaki Deunaren lehen euskal jaiak ospatzera prestatzen denean, arduradunek berehala parte hartzeko eskakizuna luzatzen diote, oraindik pertsonalki ezagutzen ez zuten apezpikuaren idazkariari. 1912ko ekain eta uztailean zehar, hamar euskaldun bildu dira, euskal jaiak antolatzeko eta euskal etxea eratzeko komisio bat osatu asmoz. Haietariko sei abertzale karnetadunak dira, gehienak arabarrak (Bernardo Ustaran, Benito Urrutia, Jose Maria Beitia, Bernardo de Biana36...), 1911ean Rosarion bertan Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkaritza bat fundatu zutenak: Comité Nacionalista Vasco delakoa. Beste lauak, Rosario inguruan bizi ziren euskal apaizak dira: bi gipuzkoar (Juan Jose Kortazar eta Manuel Aizpuru), bizkaitar bat (lehen aipatu dugun Altzibar-Aritxuluaga) eta nafartar bat (Dionisio Santisteban).

Onartu eta, lehenengo Iñaki Deunaren mezan, Olaizola izango da, hala ere, hitzaldi nagusia bere gain hartuko duena: santuaren goraipamen edo panegirikoa37. Hitzaldi bero batean, euskal santuaren aipamenetik hasi eta, euskal abendaren birtuteak eta euskal aberria bera defendatzera iritsi zen, antolatzaileak pozaren pozez utzirik. Gainera 1912an bertan, Kantauri itsasoan euskal arrantzaleek jasan zuten ekaitza zela eta, Argentinan diru-bilketak eratzen direnean, Santa Fe-ko bilketa egiteko eskatzen diote Rosarioko euskaldunek Olaizolari:

Alguien me reprochó por haber molestado a una persona a quien apenas conocíamos y que ya había hecho bastante con no habernos cobrado ni los gastos de traslado para venir a predicar a los vascos.

Me quedé con el reproche, pero seguí aferrado a la confianza que el P. Olaizola había despertado en mí desde el primer momento. Un sacerdote dentro de un vasco no podía fallar... y no falló.

Pocos días después recibí la lista de suscripción con los nombres de unos treinta contribuyentes y un giro por el importe recaudado. Por indicación del P. Olaizola la lista había sido autorizada a un señor Emilio Aguirre, y los nombres que en ella aparecen y tengo a la vista, dice a las claras del alto concepto que del mismo P. Olaizola y de sus colaboradores se tenía en la Capital de la Provincia: el Dr. Manuel J. Menchaca (gobernador de la Provincia) abre la lista y siguen, entre otros apellidos, los de Novoa, Chotil, Bidachea, Mendia, Garategui, Iribarren, Eguiazú, etc.38



Honelaxe, hurrengo urteetan Olaizolaren eta Rosariko euskal etxeko arduradunen arteko harremanak gero eta estuagoak bihurtuko dira. 1910. hamarkadaren bigarren zatian, Zazpirak Bat euskal etxetik abertzaleak alboratuak izan zirenean, Olaizola berehala azken hauekin elkartzen da. Abertzaleek erakunde berri bati hasiera eman zioten: Euzko Batzokijari, eta Olaizolak, zenbait urtetan, erakunde honek antolatutako euskal jaietan meza emateko ardura izango du. 1914ean, gainera, Rosarioko elkarte espainiarren erasoari aurre egin behar izan zion: euskal jaien kutsu separatista zela eta, agintari zibil zein eklesiastikoei ospakizunak debekatu zitzaten exijitu zutenean, Olaizolak berak eman zuen jaiaren meza, panegirikoa egin eta bazkarian parte hartu39.

Urtero urtero, Santa Fe-tik Rosariora etorriko da, Iñaki Deunaren jaiak direla eta, baita abertzaleek Zazpirak Baten kontrola berreskuratzen dutenean ere. Azkenengoz, Santa Fe-ko apezpikuak Rosarioko bikario foraneoa40 izendatuko du, bere bizitokia Rosarion ezarriz. 1940 urtean hil zen arte, Rosarioko euskal jai bakar batetan ere ez da bere falta nabariko. Gerla Zibilaren garaian, gudarien aldeko defentsak egingo ditu, Argentinako beste elizgizona askoren aurka: «Gu, denok Jaungoikoarekin baturik, euskal Aberria defendatzen dugu»41. Kotxe istripu batek, zuenean apezpikua izatera eramaten zuen karrera moztu zion Olaizolari, 1940ko udaran42.




2.d. Hamarkada zaila (1911-1921)

Hala ere, mende hasierako erbesteratze isolatu hauei, laster erantsi zitzaizkien benetako garbiketak, batez ere hurrengo hamarkadan. Lehenago ikusi dugunez, Espainiako Elizaren goi-karguek beraiek hartu zuten burruka edo garbiketa honen ardura nagusia, Estatuarekin eta Monarkiarekin zeukaten elkarbizitza-konponketa apurtzeko arriskuan jartzen baitzuen euskal abertzaletasunaren hedapenak Euskal Herriko apaizengan.

Sanchez Erauskinek dioen bezala, burruka bi frontetan garatu zen: alde batetik, erabat monarkiazaleak ziren euskal apaiz asko apezpiku izendatu zuten, eta Espainian zehar barreiatu, Euskal Herriko Elizaren fidagarritasun politikoa aldarrikatu asmoz43. Bestetik, Euskal Herriko aulkietarako euskaldunak ez ziren apezpikuak ekarri zituzten, balizko apezpiku euskaldun bat bere apaizgoarekin bat etortzeko arriskua uxatzeko. Azken hauek agindua osorik betetzen saiatu ziren, batez ere abertzaletasunaren inguruko erakustaldiak eragozteko unean. Oso ezaguna da, adibidez, Leopoldo Eijo y Garay-k Montevideo-ko kaian protagonizatu zuen gertakizun latza, 1934 urtean Buenos Aires-eko Kongresu Eukaristikorantz zihoalarik. Zegoeneko Madrileko aulkian zegoen Gasteizko apezpiku-ohi hau Uruguay-ra iritsiko zela jakinik, Montevideo-ko hainbat euskaldun harrera egitera joan zitzaizkion kaiara, eta bide batez pelegrinazioan etortzen ziren euskaldunak agurtzera. Baina Eijori ez zitzaion batere gustatu, euskaldun hauek zeramaten euskal ikurrina: berehala untzitik jeitsi, eskuetatik kendu, apurtu eta guztien harriduraren aurrean ibaiaren uretara bota zuen44.

Garai hauetan, hala ere, eraso planifikaturik gogorrenak apaizgo erregularrean eman ziren, Euskal Herriko hainbat ordenetan abertzaletasuna indar askoz sartua baitzen. Batez ere, kaputxinoak dira gogorkien erasotsuak: hauek pekatu bikoitza bazuten: abertzaleak izateaz gain, nafarrak ziren gehienak. Gainera, lehendabiziko abertzaletasunaren propagandistarik sutsuenetako bat, Evangelista de Ibero, kaputxinoa zen: gazte hil bazen ere, bere hazia landatzeko denbora izana zuen, kaputxinoen heziketa-etxeetan irakasle zenean45. Bere eskuetatik pasatako belaunaldi batek testigantza hartuko du: Pio de Orikain46, Bernardino de Estella47, Miguel de Pamplona48, Dionisio de Echalar49, Eustaquio de Sesma50, Wenceslao de Lakuntza51 eta Fernando de Soloeta-Dima52.

Erromako kaputxinoen jeneralak onartu zuen bezala, 1910 eta 1915 urteen artean, Euskal Herriko kaputxinoen nagusiek «para poner a raya el movimiento bizkaitarrista, que empezaba a manifestarse entre sus súbditos, tenían que recurrir a medios extremos, como el de embarcar grupos enteros para la Argentina»53. Xehetasun gehiago emateko galdetuta, izenak ere aipatzen ditu54: kanporatu zuten lehena Evangelista de Ibero izan zela, baina indarrezko erabaki hau ez zela nahiko izan. Beraz, Wenceslao de Lakuntza «nazionalista amorratua», nagusien aginduen kontra hautagai abertzale baten alde lan egiteagatik, zigorrak jasan zituen, eta azkenean, Argentinara bidalia izan zen. Handik gutxira Roman de Bera aita Guam-eko misioetarantz doa, publikoki abertzaletasuna aldarrikatu zuelako; arrazoi berberagatik, handik gutxira beste hiru kaputxinok Argentinarako untzia ere hartu zuten: Ladislao de San Sebastian55, Pio de Orikain eta Eustaquio de Sesma.

1921 urtean ere, Nafarroako kaputxinoen aurkako salaketak areagotu egin ziren. Oraingo honetan, gainera, salaketok nortzuengandik eta Gaztelako kaputxinoengandik zetozen: Nafarroako kaputxinoak abertzale separatisten kabia zirela, erlijioaren aitzakiarekin Euskal Herrian zehar ematen zituzten misioetan propaganda politikoa baino ez zutela egiten, etab56.

Orduko hartan ez ziren kanporaketa masiboak errepikatu; hala ere, erbesteratzeen iturria, pixkanaka-pixkanaka ibiltzen bazen ere, ez zen inoiz erabat moztu. Apaizgo sekularrean zein erregularrean, noizean behin abertzaleren batek Ameriketaranzko bidaia egin behar izan zuen. Kasu isolatuak, adibidez Jesus Montanchez del Cerro sopuertatarra: 1913an Leopoldo Eijo y Garay apezpikuak ordenatuta, 1916an Montevideora lekualdatzen da, lehendabizikoz Uruguayen eta gero Argentinan lan eginez57.

Primo de Rivera-ko diktaduran, agian, kasuen kopurua handitu egin zen, batez ere apaizgo sekularrean. Iruñetik Tomas Yoldi Mina diktaduraren kontrako bere kazetaritza lanek Uruguay-ra bota egiten dute. Oraindik apaizgaitegian zegoela, Yoldik Napartarra egunkariaren sorreran parte hartzen du 1911an. Handik hamar urtetara, La Voz de Navarra agertzen denean, ale guztietan Yoldiren artikuluak agertzen dira: moral kristaua erabiliz, gobernuko agintarien portaera okerrak salatzen ditu. Iruñeko apezpikuak gehiago ez idazteko behartu, eta Erriberako parrokia batetara bidaltzen du; ezer berririk idatzi ez, baina aspalditik idatzirik zeukana argitaratzen jarraitzen du. Gobernatzaile zibilaren presioek, azkenean, kanporatzea lortu zuten58.




2.e. Gerla Zibila

Baina, zalantzarik gabe, euskal apaiz abertzaleek jasan zuten erbesteratzerik handien eta gogorrena, Gerla Zibilaren ostean burutu zena izan zen. Euskal Herriko azken lur zatia frankistek konkistatu baino lehen, separatistak omen ziren apaiz eta erlijiosoen aurka egindako salaketak beren fruitua ematen hasten dira.

Lehendabizikoz, harrigarria izan arren, Gasteizko apezpikuarengana zuzendu ziren erasoak: nahiz eta monarkiazale eta integrista izan, nahiz eta Errepublika garaian Espainiatik kanporatua izan, nahiz eta gerlaren hasierako uneetan jeltzaleen portaera gogorki kondenatu, Erromara irten behar izan zuen, misioei buruzko kongresu batera omen.

Ikara apaizgo euskaltzalearengan zabaltzeko bide ziurragorik ez legoke: berehala, Euskal Herritik kanporaketak hasten dira, indarrez ala erabaki pertsonalez, agintari zibil zein eklesiastikoek agindupean, apaizgo sekularrean zein erregularrean (frantziskotarrak, kaputxinoak, jesuitak, klaretianoak, eskolapioak, batik-bat)59. Nonbait erabaki hauei obedientiae simulatae izena eman zaie, ezin egokiago60: zuhurtasunez jantziriko erbesteratze politikoak baino ez zirelako:

Zuhurtasun aurrikusle honek bultzaturik, inongo agintari zibil edo militarrek gu behartu gabe, nire agintaldiaren lehendabiziko unetan -1937ko abuztuan- Kuba eta Paraguay-ko mixioetara zenbait erlijioso bidali genuen, azken urteotan zaletasun politiko nabarmenegiak erakutsi zituztelako61.



Gauza bera azalduko zuen, zenbait urteren buruan, Mateo Mujika Gasteizko apezpiku-ohiak, atzerrira ihes egin zuen bere apaizgoaren portaera defendatu nahiean:

Gomá kardenalak apaiz hauei buruz zuhurtasunez ihes egin zutela idatzi zuen, eta, neuk Batikanoari esan niona (...) gaur ere errepikatzen dut: apaiz hauek ez zutela ihesik egin haien buruak erruduntzat jotzen zituztelako, baizik eta errugabe asko gogorki zigortu zutela ikusi zutelako, Francoren politikari atxeki ez zioten eta62.



Zortziehunetik gora apaiz sekularrek modu bateko zein besteko errepresioa jasan izan behar zuten. Atzerrira joan zirenen kopuruak, gainera, ordurarteko erbesteratzerik gogorrena suposatu zuen63 (ik. 2. laukia). Batzu zuzenan, beste batzu Europan eskala bat eginez, hauetariko erdiak baino gehiagok Ameriketarako bidea hartuko du azkenean, batez ere Europan gerratea pizten denean. Jesuita askorentzat, Espainiako egoera politikoak 1931ean hasitako exilioa berritzea dakarkie.

Erbesteratzealdi hau, gainera, gertakizun isolatu baten moduan geratu da, Ameriketaratu ziren euskal erlijiosoen kopuruaren bilakaeran. Bai aurrean (Errepublika garaian) eta baita hurrengo urteetan ere (gutxigorabehera 1949 urtera arte), bilakaerak 188tik zekarren goranzko martxa geldiagotu eta eten egin zen64.

2. Laukia: Latinoamerika osoan destinaturik zeuden euskal erlijiosoen kopurua, 1935tik 1940ra, probintzien arabera65.

URTEABizkaiaGipuzkoaArabaNafarroaGUZTIRA
19352561971074261 000
19402732281034251 061

ITURRIA: ALVAREZ GILA, Oscar, «El Misionerismo y la presencia religiosa vasca en América (1931-1940): Dificultades y emigraciones forzosas», Mundaiz, 42 (1991), Donostia, 93 eta 99 orr.






Arriba3.- Mugimendu hauek Ameriketako euskal kolonietan izan zuten eragina

Ordurarte ikertu dugun erbesteratze politikoa, Ameriketan, ia nazio guztietarantz zuzendu zen, Grande ibaiatik Patagoniaraino. Apaiz erregularren artean, irtenbiderik arruntena zera zen: erlijioso hauek ordenak misioak zituen lekuetara bidaltzea. Frantziskotarrak, adibidez, Kuba eta Paraguayra; jesuitak Venezuela eta Ertamerikara66; eskolapioak Txile, Brasil eta Venezuelara; etab.

Nazio hauetako zenbaitetan baziren euskal emigranteen kolonia kopurutsuak, batez ere río de la Platako eskualdean (Argentina, Uruguay), Txilen, eta (1940z geroztik) Venezuelan. Toki hauetan, aspalditik euskal emigrante eta euskal apaizen arteko erlazioak finkaturik zeuden. 1852 urtean Montevideora euskaraz mezak eta misioak euskaldunentzat ematera lehen misiolaria heldu zenetik67, historia luzea izan da.

Apaiz abertzale hauek ere, Ameriketako eskualde hauetara heltzen ziren beste edozein pertsonak bezala (edo agian, are gehiago, haien ideologiak bultzatuta), aberrikideen laguntza eta adiskidetasunaren bila, bertan osaturik zeuden euskal koloniei laster atxeki zieten. Baina haien garrantzia, ezin zitekeen edozein pertsona batena bezalakoa: Euskal Herrian betetzen zuten paperari edo ohiturari jarraituz, apaizek Ameriketako euskal kolonia haietako barne-eraketan partaidetza zuzena izango dute, nahita ala nahi gabe.

1.- Alde batetik, erlijiosotasunak euskaldun emigranteen egoera izpiritualaren inguruko kezka sortarazten zien; hortik bazeukaten euskal emigranteengana jotzeko arrazoi bat. Ideia honetan oinarriturik, XIX mendean euskaldunentzako ikastetxeak eta eraiki zituzten euskal apaizek beraiek (batik-bat, Iparraldeko erlijioso betharramitek), eta Argentinan eta Uruguayen zehar euskal misioak antolatu, Euskal Herrian egiten zirenen antzera68.

XX. mendean, aldiz, euskal kolektibitatearen erakundeak izango dira euskaldunei holako zerbitzuak (ikastetxeak, umezurztegia, zaharren egoitzak) eskainiko dizkiotenak; baina hasiera-hasieratik euskal apaizak zerbitzu hauen norabide kristaua azpimarratzea lortuko dute. Horra hor, adibidez, Argentinan 1900 urtean fundatzen den Euskal Echea69 elkarlaguntzarako erakundea: lehen lehendakaria erlijioso betharramita behenafartar bat izango du: Frantzisko Laphitz (euskaltzalea eta euskal idazlea bera ere). Horrekin batera, zenbat eta hogei apaiz euskaldun sartuko dira hasierako proiektuan, akzionista gisa, Euskal Echearen proiektuan; gehienak Iparraldekoak. Euskal Echeak, azkenean, haren zerbitzuen zuzendaritza Euskal Herritik ekarritako elizgizon eta mojengan jarriko du: asiloak eta neskentzako ikastetxeak, Angeluko Mariaren Zerbitzarien eskuetan70 (1905); mutilentzako ikastetxeak, Nafarroako kaputxinoenetan (1908).

2.- Baina beste alde batetik, apaiz abertzaleek bazeukaten besteek baino zerbait gehiago, euskal emigranteengan hurbiltzeko haien nahiak areagotzeko. Argentinan, eta oro har Ameriketako herri «berri» guztietan, bizi ziren euskaldunen kopurua hain handia zenez gero, nonbait oso interesgarria zitzaion ideologia berriari lur berri horietan zehar hedatzea. Praktika hau ez zuten euskal abertzaleek soilik erabili; egoera berberean aurkitzen ziren beste estaturik-gabeko-herri europarrek ere bide hori hartua zuten, hala nola Argentinan irlandarrek edo poloniarrek71.

Apaizen kanporaketak eta erbesteratzeak, sekulako aukerak eman zizkioten hedapen honi. Apaiz hauek, banaka zein taldeka heldu arren, laster elkarrekin batu eta berebiziko garrantzia hartuko zuten, Argentinako euskal kolonietan abertzaletasuna ezartzean, zabaltzean eta mantentzean.

Adibiderik argigarriena, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxearena izan zen. Erakunde honek, izenetik hasita azken puntaraino abertzale-abertzalea izan nahi zuen. Apaizen partaidetza, seriotasun kutsuaz gain, askotan ere babesa eman zien beste bultzatzaile abertzaleei; batez ere 1913tik 1921ra dagoen tarte «ilunean», abertzaleen eta espainolisten arteko tirabira izugarriak zeudenean. Altzibarrek, Olaizolak, Santistebanek edo Aizpuruk ez dira abertzaleengandik urrunduko, tinko jarraituko dute haien ondoan, lehen aipatu dugun bezala.

Buenos Airesen ere, antzeko papera beteko dute euskal apaiz abertzaleek, batez ere Euskal Echearen ikastetxearen inguruan bildurik zeuden kaputxinoek. Fernando de Soloeta-Dima, euskara irakasteko ikastetxeak izan zuen lehen maisua, hizkuntzarekin batera aberriaren kontzeptu aranista ere zabaltzen hasiko zen; Soloeta Txinako misioetara joan zenetik, hasitako lana Bernardino de Estellak beteko zuen: 23 urtetako klaseen fruitua 1931ean argitara eman zuen, bere Historia Vasca liburuan. Bertan Euskal Herriko historiari buruz jeltzaleek defendatzen zuten ideia guztiak biltzen dira.

Aldi berean, Buenos Aires-en ere, euskal koloniaren barnean burruka ixil bat garatu zen 1910.etako hamarkada osoan zehar. Hamarkada horretan, Felix Ortiz San Pelayo euskaltzale karlista eta espainolistak gidaturiko taldeak Amerikako euskal etxerik zaharrena bere menpe izan zuen, abertzaleak alboratuz. Kaputxinoek gogorki lagundu zioten Acción Nacionalista Vasca72 izenpean bildu ziren kanporatuei. Hainbat urtetan, Buenos Aires-en euskaldunek bi tokitan ospatuko dute Iñaki Deunaren jai nagusia (Argentinan euskaldun guztien patroia bihurtu dena): Laurak Batek, normalean, sustrai euskaldunetako apaiz argentinarrak hartu zituen, batzutan ideologia eskuinzalekoak (Bernardo Etchegoinberry kanonikoa, gero Bahía Blanca-ko apezpikua izango den Leandro B. Astelarra73); Acción Nacionalistak, Euskal Echearen kaputxinorik abertzaleenak.

1921ean, Acción Nacionalista Laurak Bati eraso egiteari eta bere kontrola eskuratzeari ekiten dio: Argentinako jai nazionalean (uztailak 9an, independentziaren egunean), Miguel de Pamplona kaputxinoak bi ikurrina bedeinkatu zituen, non eta Laurak Bataren atarian. Ixilka-ixilka, zaratarik egin gabe, abertzaleak Laurak Bat erakundean sartu eta jadanik nagusigoa lortua zuten.

Gerra ostean, adibideak areagotu egin ziren. 1940-1945 tartean Eusko Jaurlaritzaren delegazioaren bultzapean sortzen diren euskal etxe askotan, apaizak dira bultzatzaileak. Córdoba probintzian dagoen Villa Marian, 1925 euskal trinitarioek suspertzen zuten euskal kolektibitateak erakunde ofizial bihurtzea erabakitzen du, non eta trinitarioen elizan. Buenos Aires-eko probintziaren hiriburuko Euzko Etxeak, aldiz, La Platatik gertu dagoen Villa Elisako euskal kaputxinoek bultzatzen dute, batez ere Kasiano de Goldaratz nafartarrak74.

Ekintza kulturaletan ere parte hartuko dute: 1946tik aurrera Buenos Airesen argitaratzen den Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos delakoaren lehenengo bi zuzendariak, apaiz abertzale hauetako bi izan ziren: Gabino Garriga bilbotarra (Argentinan Gernikako bonbardaketaren inguruko egia lehen aldiz erakusten zuen liburua argitaratu zuena75), eta Bonifazio de Ataun kaputxino gipuzkoarra.

3.- Azkenean, elizgizon hauek sekulako garrantzia edukiko dute, Gerra osteko euskal exilioa eratzeko unean: elizaren izenpean Ameriketan zeukaten erakuntza guztia, exiliatuen babeserako erabili ahal izan zutelako. Argentinan, Uruguayen, Venezuelan, erlijioso hauek benetako lobbyak osatuko dituzte, herri haietan euskal exiliatuen sarrera errazteko eta bultzatzeko. Argentinan Comité Pro-Inmigración Vasca izeneko elkartea sortzen da, zuzendaritzan Pedro Goikoetxea sakramentinoa daukala. Euskal-europarrek eta euskal-argentinarrek erdibana osatzen zuten komite honek, guraso euskaldunak zituen Roberto Ortiz Argentinako lehendakariarengandik oso dekretu zabal bat lortzen du: bertan euskaldun guztien inmigrazioa onartzen da, edozein dokumentazioa badaramate ere. Lege honen babespean, mila euskaldunetik gora Argentinaratuko dira, harik eta gobernu espainiarraren presioek kentzea lortzen duten arte, hurrengo urtean76.

Venezuelan jesuitak dira euskaldunei laguntza eskaintzen dietenak77. Nazio hartan aspalditik finkaturik zeudenez gero, ordutik aurrera Venezuelako goi klaseko hainbat familia eta pertsonaiekin harreman zuzen eta estu-estuak bazituzten euskal jesuitek. Karakas-en zeukaten ikastetxeetan, gizartearen goi klaseen semeen hezkuntzaz arduratzen ziren. Oso erraza izan zitzaien, beraz, agintariengandik euskaldunentzako salbuespen-legeak lortzea. Espainiako errepublikano guztiei ateak ixten zizkieten bitartean, euskaldunak sarrera libre izan zuten Venezuelan78.





 
Indice